
HUB EKONOMIA ZIRKULARRA Zer da ekonomia zirkularra
Definizioa
Jasangarritasunarekin loturiko eredu ekonomiko eta soziala da. Baliabideak aprobetxatu eta lehengaiak ahalik gutxien erabiltzean oinarritzen da, eta, horretarako, materialak eta produktuak ahal den guztietan berrerabili, konpondu, berritu edo birziklatzea bultzatzen du.
Hortaz, materialak eta hondakinak optimizatzearen alde egiten duen ekoizpen eta kontsumo eredu gisa defini daiteke ekonomia zirkularra, produktua sortzen denetik material eta hondakinei bigarren bizitza emanez eta berrerabili eta birziklatzeko produktuak diseinatuz. Hitz gutxitan esanda, lehengaien erauzketa, materia horiekiko mendekotasuna, energia kontsumoa, hondakin materialak eta hondakinen sorrera ahalik gehien murriztea helburu duen ekoizpen sistema da.
Gaur egun ezagutzen dugun ekoizpen eta kontsumo sistema ikusteko eta ulertzeko moduan aldaketa kultural bat eskatzen duen prozesua da, finean.
Ekonomia zirkularra eta ekonomia linealaren arteko aldeak
Bi ekoizpen sistema horien arteko alde nagusia ereduaren ikuskeran oinarritzen da. Ekonomia lineala lehengai bat erauzi, ondasun edo produktu bat ekoitzi, erabili eta botatzeko dago diseinatua; hau da, "erabili eta botatzeko" kontzeptuan oinarrituriko eredua da, eta material eta energia kopuru handiak eskatzen ditu
Ekonomia zirkularra, berriz, oinarri-oinarritik aldentzen da eredu tradizionaletik; izan ere, birbalorizatu edo birpentsatu daitekeen eta balio-bizitza luzeagoa izan dezakeen ondasun gisa diseinatzen da produktua. Lehengaien kontsumoa ere murriztu egiten da, birziklatuz, berrerabiliz edo birmanufakturaren bidez lortutako materialak erabiltzen baitira, eta, horrela, ekoizpenaren zikloa ixten da. Hortaz, ekonomia zirkularrak lehengaiak erabiltzeko era adimentsu eta eraginkorragoa sustatzen du, eta, modu horretan, ingurumena eta baliabide naturalak zaintzen ditu.

Ekonomia linealarendesabantailak
Munduko estatu gehienetan nagusi den eredu ekonomiko tradizionalak funtsezko papera izan du industria iraultzaz geroztik izandako garapen ekonomikoan. Hala ere, gaur egun, une kritikoan dago eredu hori, batetik, ekonomiaren beraren bilakaeraren ondorioz eta, bestetik, kontsumoaren oinarri diren gizarteko eskaera eta behar berrien ondorioz.
Ekonomia zirkularrean espezializatutako nazioarteko erakundeek diotenez, faktore hauek adierazten dute eredu zirkularra eredu lineala ordezkatzen ari dela:
- Enpresen galera ekonomikoak.
- Baliabideen prezioen hegakortasuna.
- Lehengaien horniduran dauden etenak.
- Sistema eta erreserba naturalak hondatzea eta agortzea.
- Araudiak areagotzea.
- Hondakinen kudeaketak eta tratamenduak eragindako kostu ekonomikoak areagotzea.
Ekonomia zirkularrarenabantailak
Ekonomia zirkularraren aldeko pausoak emateak eta, beraz, Europaren jarraibideak betetzeak onura handiak ekarriko lituzke; besteak beste, ingurumenaren gaineko presioa murriztu, lehengaien horniduraren segurtasuna hobetu, lehiakortasuna eta berrikuntza areagotu eta enplegua bultzatuko lirateke. Horrez gainera, ekonomia zirkularraren bidez, kontsumitzaileek produktu iraunkor eta berritzaileagoak lortu ahal izango dituzte, eta, aldi berean, aurreztu.
Ekonomia zirkularrak oinarri-oinarritik heltzen die gizarte osoak aurrean dituen ingurumen erronkei, karbono emisioak murrizten eta klima aldaketaren inpaktua gutxitzen laguntzen duten negozio eredu eta enplegu berriak sortuz.
Abantaila ekonomikoak
- BPGa handitzea
- Berrikuntza teknologiko handiagoa
- Negozio eredu eta enpresa zerbitzu berriak agertzea
- Aurrezki garbia materialen kostuan
- Kontsumo produktuak aurreztea
- Enplegu aukerak sortzea
- Ekonomiarako baliabideen kontsumoa murriztea
- Lehengaien inportazioarekiko mendekotasun txikiagoa eta horniduren segurtasun handiagoa
- Bezeroarekiko elkarrekintzarako eta fidelizaziorako modu berriak
- Lehiakortasun eta jasangarritasun handiagoa
- Eraginkortasun eta produktibitate handiagoa
- Produktu eta prozesuen errentagarritasun handiagoa
- Balioa sortzea
Ingurumenean dituen onurak
- Emisio globalak murriztea
- Hondakin gutxiago sortzea
- Lurrak eta lurzoruak aktibo gisa duten balioa handitzea
- Materiak erauzteko prozesuek eragindako ingurumen inpaktua murriztea
Negozio ereduberriak
Ekonomia zirkularrerako trantsizioa egiteko, gaur egun daudenak ordezkatu edo hobetuko dituzten negozio eredu berritzaileak behar dira. Hala, negozio eskolak, nazioarteko lankidetza proiektuak eta gobernu erakundeak lanean ari dira etengabe, besteak beste, prozesu hauetan oinarrituriko ekonomia zirkularreko negozio aukerak definitzen: ekodiseinua, baliabideak berreskuratzea, produktuen balio-bizitza luzatzea, serbitizazioa, plataformen erabilera partekatua, sinbiosi industriala eta energia berriztagarriak erabiltzea.
Badaude produktu eta zerbitzuen zuzenketan oinarrituriko negozio ereduak ere. Esaterako, CIRC4Life proiektuaren bidez, diseinu eta ekoizpen fasera hurbiltzen da azken erabiltzailea, eta bere lehentasunak identifikatzeko aukera ematen zaio, Big data eta Living Labas tresnen bitartez.
Ildo horretatik, Euskal Autonomia Erkidegoan, ekonomia zirkularraren arloko lehentasunezko bost ildo identifikatu dira euskal industriarentzako, produktuaren berrikuntzaren eta materialen erabilera optimizatzearen ikuspegitik:
| Euskal Autonomia Erkidegoko ekonomia zirkularraren lehentasunezko ildoak | |
| Produktuaren berrikuntza | Materialen erabilera optimizatzea |
| Ekodiseinua | Funtsezko metalezko hondakinak birziklatzea |
| Birmanufaktura | Hondakin plastikoak, kautxua eta konpositeak birziklatzea |
| Serbitizazioa | |
Bereziki, produktuaren serbitizazioa azpimarratu behar da, hau da, erabiltzaileak produktua edukitzea lehenetsi beharrean, zerbitzurako sarbidea izateagatik ordaintzea lehenesten duen negozio eredua. Horren bidez, helburu bikoitza lortu nahi da: negozio produktiboa indartu eta negozio linea berri bat garatu. Ekodiseinua, berriz, ezinbestekoa da produktuak iraunkorrago egiteko eta eredu horretarantz pausoak emateko
Birmanufakturak, berriz, produktuen bigarren balio-bizitza bermatzen du. Modu horretan, iasko aurrezten dira lehengaiak, ura eta energia, eta horrek onura handiak dakartza ingurumenarentzat.
Oztopoak
Egindako azterketak kontuan izanda (horien artean, "Ekodiseinuak Euskadiko enpresei eskaintzen dizkien negozio aukeren azterketa, Orkestra Fundazioa, Ihobe, 2017"), enpresek hainbat oztopori egin behar diete aurre estrategia edo praktika zirkularragoak martxan jartzeko. Hiru arlo hauetako oztopoak dira garrantzitsuenak
- Berrikuntza
- Inbertsioak eta negozio eredu berriak
- Merkatu berrietarako sarbidea eta bezeroen eskaerak
Adibidez, berrikuntza eredu berriak oso garestiak izanik, finantzaketa eredu alternatiboak behar dituzte enpresek, eta gai hori oso sentikorra izan ohi da ETEentzat.
Circular by design de la European Environment Agency. 2017 (PDF)