•
Naturklimak Soraluzeko baso autoktonoa berreskuratzeko eta kontserbatzeko lanak hasi ditu
Naturklima Gipuzkoako Klima Aldaketaren Fundazioak, Soraluzeko Udalarekin lankidetzan, baso autoktonoa berreskuratzeko eta segida ekologikoa mantentzeko lanak kontratatu eta abian jarri ditu, udalerriko biodibertsitatea eta klima-aldaketarekiko erresilientzia indartzeko helburuarekin.
Jarduketak Muskiritzuko mendilerroan (Karakate) eta bidegorriaren inguruan kokatutako udal-jabetzako hamar lursailetan egingo dira. Lanek sasiak garbitzea, landaredia kontrolatzea eta moztutako materiala pilatzea izango dute ardatz, aurreko urteetan landatutako bertako zuhaitz eta zuhaixken garapena errazteko.
Proiektuak baso mistoen kontserbazioa, biodibertsitatearen hobekuntza eta ekosistemen leheneratze naturala sustatuko ditu. Aurreikusitako lanak hiru hilabeteko epean gauzatuko dira, eta Soraluzeko Udalak azken urteotan baso autoktonoa berreskuratzeko garatutako estrategiari jarraipena emango diote.
Ekimen hau Naturklimak Gipuzkoako udalerrietako azpiegitura berdea eta klima-aldaketarekiko erresilientzia hobetzeko sustatutako jarduketen barruan kokatzen da.