•
Zumarragak uholdeen aurreko prebentzioa indartu du herritarrak sentsibilizatzeko jardunaldi baten bidez
Naturklimak eta Zumarragako Udalak, Tesicnorren eta Aseguruen Konpentsazio Partzuergoaren parte-hartzearekin, informazio-jardunaldi bat egin dute IA4FLOOD proiektuaren esparruan, herritarrei uholdeak iragartzeko adimen artifizialaren arloan egindako aurrerapenak, udalerrian dauden arriskuak, autobabeserako neurriak eta aseguruen garrantzia ezagutarazteko.
Urriaren 28an, asteazkenean, Zumarragako Zelai Arizti kultur etxeak uholde-arriskuari buruzko sentsibilizazio-jardunaldi bat hartu zuen. Gipuzkoako Klima Aldaketaren Fundazioak – Naturklimak eta Zumarragako Udalak antolatu zuten ekimena, IA4FLOOD proiektuaren esparruan.
Jardunaldia Marcos Garcíaren, Tesicnorreko ordezkari eta IA4FLOOD proiektuaren koordinatzailearen, hitzaldiarekin hasi zen. Bertan, uholdeen iragarpena eta alerta goiztiarreko sistemak hobetzeko garatzen ari diren adimen artifizialeko ereduen aurrerapenak aurkeztu zituen. Azaldu zuenez, tresna horiek datu hidrometeorologikoak aztertzeko aukera ematen dute, hala nola prezipitazioak eta ibaien emariak, baita balizko ur-goraldiak aurreikusten laguntzen duten ereduak eta patroiak identifikatzeko ere. Horrela, arrisku-egoeren aurrean prebentzioa eta erabakiak hartzea errazten dute.
Jarraian, Dorleta Orúe-Echevarría eta Mikel Orive Naturklimako teknikariek Zumarragan uholdeak eragin ditzaketen arrazoiak azaldu zituzten, baita arriskupean dauden eremuak ezagutzearen garrantzia ere. Era berean, uholdeak gertatu aurretik, bitartean eta ondoren nola jokatu jakiteko gomendio praktikoak eskaini zituzten. Bereziki azpimarratu zuten kanal ofizialen bidez informatuta egotearen, urpean dauden eremuetan joan-etorriak saihestearen eta pertsonen segurtasuna une oro lehenestearen garrantzia.
Jardunaldia Urko Elosegi Aseguruen Konpentsazio Partzuergoko ordezkariaren hitzaldiarekin amaitu zen. Elosegik aparteko arriskuen estalduraren funtzionamendua azaldu zuen, uholdeei arreta berezia eskainiz. Bere aurkezpenean nabarmendu zuen aseguru-estaldura egokia izateak duen garrantzia, fenomeno horien ondorio ekonomikoak murrizteko eta kaltetutako pertsonen, enpresen eta ondasunen berreskurapena errazteko.
Ekimen hau Naturklimak eta Zumarragako Udalak IA4FLOOD proiektuaren bidez uholdeen aurrean udalerriaren prestakuntza eta erantzuteko gaitasuna hobetzeko egiten ari diren elkarlanaren barruan kokatzen da. Orain arte egindako jarduketen artean, Uholde Arriskuaren aurrean Jarduteko Udal Plana (PAMRI) prestatzea nabarmentzen da. Plan hori joan den irailean aurkeztu zitzaien udaleko teknikariei.